
Iurretako dantzarien erregistrorik zaharrena 1676koa da. Orduko kontu liburuan jasota dago dantzariei San Migel egunez dantzan egitearren ordaindu egin zitzaiela.

1801. urtean Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari eta pentsalari alemaniarra, eskualde honetatik pasa zenean, txundituta gelditu zen Dantzari-dantzaren edertasun eta bizitasunarekin.
Ikusi zituen dantzen deskribapena idatzita utzi zuen Humboldtek eta horregatik dakigu gaur egun ere antzera egiten dela Dantzari-dantza.
1837an Edwar Bell Stephensek, “Morning Post” egunkarian, neskek egindako soka-dantzari buruzko berri bat idatzi zuen.
1886an, Durangoko Euskal Jaietan, Gorulari dantzak aurkeztu ziren lehenengoz.

XX. lehenengo zatian Dantzari-dantza Euskal Herriko gainerako lurraldeetan hedatu zen, dantzakera estilizatuago bat sortuz. Horren adibide bat da hanka altxatzean zuzen-zuzen jasotzea bi kolpeko “Puntapijue”n ordez.

San Migel jaietarako Dantzari-dantzarako dantzariak aukeratzeko ardura “bandereroak” hartzen zuen. Abuztuaren 6tik aurrera, Herriko gazteak Txonpoloneko arboladian batzen ziren eta bandereroak aukeratzen zituen jaietan dantzan egingo zutenak.
San Migelak amaituta, urriko gainerako igandeetan, jaietan dantzatzerik izan ez zutenek ere dantzan aritzeko aukera izaten zuten.
Urriko 2. igandean “Urrijena” jaia egiten zen; 3. igandean, dantzari gazteen eguna eta 4. igandean herriko dantzarien eguna izaten omen zen. Ohitura hau galdu egin zen gerora.
Gerra garaian dantzak galtzear izan ziren, baina gerora, Jose Jabier Abasolo “Tiliño”-k, egindako lanari esker berreskuratu ziren, besteak beste.
Belaunaldi berriek herriko dantzakera naturala mantendu zuten lehengo “Puntapijue” mantenduta.


Miren Bikandik, plazan sekula dantzan egin ez bazuen ere, aitagandik ikasita bazekizkien dantzako pausuak eta berak irakatsi zizkien “Tiliño” eta gainerakoei.
1973ko maiatzean, Gorulari dantzak berreskuratu ziren.
1989. urtean, herriko dantzari batzuek “Urrijena” jaia berreskuratzea lortu zuten 5 urtean behin antolatuz.
1995. urtean, Edwar Bell Stephensen albistearen berri izan ondotik, neskek egindako soka dantza berreskuratu zen.

2005. urtetik aurrerna, taldean belaunaldi berria sartu eta laster, jaietako dantzarien hautaketa ezberdin egiten hasi ziren, dantza taldean zebiltzan dantzari guztiei dantzarako aukera emanez.
2014. urtean, “Urrijena” jaian Gorulari dantzak ere gehitu ziren, emakume dantzariei ikusgarritasuna emateko asmotan.

2014-2015 ikasturtean, entseguetara bertaratutako herritar guztiei herriko dantza guztiak irakastea erabaki zen.
2018. urtean, emakumeak ere atera ziren Dantzari-dantzara Iurretan.

2022. urtean, genero arrakala apurtzeko ahaleginetan, pertso-
na orok, edozein postutan dantzatu ahal izatea onartu zen taldean. Horretarako, postu horretako jantziak eta dantzaren seriotasuna mantentzea erabaki zen.