Historialariek diotenaren arabera, kanpaiak, IV. – V. mende inguruan hedatu ziren Italiako Napoli inguruko “Campania” eskualdean. Handik laster, fraideek, beraien monastegietan ezarri zituzten eta gero ezarri ziren herrietako parrokietan. Ordutik, kristautasunaren denborak eta bizi erritmoak neurtzeko arduradun nagusiak izan dira.

Kanpandorreetan, normalean, lau kanpai izan ohi dira. Kanpai handi bi, erromatarrak deiturikoak, eskuz edo sokaz lagunduta jotzen direnak eta beste bi ezkil txikiago, eskuz edo bueltaka jotzen direnak.

Kanpaien inguruko ezagutza ahanzturan erortzen joan da azken hamarkadetan baina ez dira gutxi hauen sorkuntzak edo kanpaiok jotzeko moduek urteetan gorde dituzten sekretuak. Kanpaiak, kopa alderantzikatuaren forma duten metalezko objektuak dira, barruan zintzilikatuta duten mihiari eraginda bazterra kolpatu eta soinua ateratzen dutenak. Perkusiozko musika tresna bat azken batean. Dena dela, kanpai baten sorkuntza ez zen edonola hartu beharreko kontua eta herritarrek ardura handiz jarraitzen zuten kanpaigileen lana.

XIX. mendearen erdi aldera arte kanpaigileak herriz herri ibiltzen ziren artisauak izaten ziren eta kanpaiak egiteko metala, herriko plazan bertan edo gertuko baratzeren batean urtzen zen. Kanpaia egiteko metalak garrantzia handia hartzen zuen, izan ere, kanpaiak izango zuen soinua herriko nortasunaren parte izango zen. Herritarren harrotasun iturri zen kanpai doinu ozen eta garbia izatea. Hain zen berezia kanpaiak egiteko metala, (%78 brontzea eta %22 eztainua) garai hartako idatzietan ez baitzitzaion metal horri “brontzea” esaten, “kanpai metala” baino.
Kanpaiak, hortaz, elementu bizi gisa hartzen ziren herrietan. Asko dira kanpaiei botere magikoak egozten dizkieten mito eta legendak, herritarrak babestu zein ekaitz eta espiritu gaiztoak usatuz.
Kanpai gabeko herri bat herri hila zelan esaten zuten eta herria bera ere, modu sinbolikoan, kanpaiaren hotsak mugatzen zuen. “Kanpai beraren aterpean” zeuden herritarrak komunitate bereko parte sentitzen ziren.
Herrietako harrotasun iturri izanik, herrien edo kanpaien arteko lehia (edo elkarrizketa) ere izaten zen kanpai doinuetan. Gaur egun Durangoko “Trikitanak” dira horrek lekuko. Gabon aurreko 9 egunetan, arratsaldeko 15:00etan, Andra Maria eta Santa Anako kanpaien arteko elkarrizketa ematen da, txandaka hasi eta musika bateratu batean amaitu arte.

Kanpai doinuek jatorri erlijiosoa dute dudarik gabe, baina, herritarren artean ordainduak izaten zirenez, funtzio zibilak ere hartu zituzten zenbait abaderen gogoen kontrara. Bi talde handitan banatu ditzakegu kanpai doinuak. Kanpai doinu ziklikoak alde batetik eta unean unekoak bestalde.

Kanpai doinu ziklikoak eguneroko martxa arautzen zuten horiek ziren. Orduak markatzen zizkieten doinuak ziren, goizetan jaiki eta iluntzean lan-egunaren bukaera iragartzen zutenak, otoitzera noiz batu behar ziren agintzen zutenak, mezak zein herriko jaiak iragartzen zituztenak… Kanpai doinu hauek segurtasuna eta konfiantza ematen zien herritarrei, zer egunetan eta zer ordutan bizi ziren esaten zieten-eta.
Kanpai puntualak bestelakoak ziren, jaiotza berri baten berri ematen zuten, heriotza bat iragarri, edo hondamendi baten albistea herritarren artean zabaldu. Kanpai hauek entzutea asaldagarria zen eta batzuetan albiste onen iragarle ziren arren, hasiera baten kezkaz hartzen ziren zeren iragarle ote ziren jakin artean behintzat. Herritar guztien elkartasunera dei egiten zuten kanpai deiak ziren hauek.
60. hamarkadan, kanpai doinuak garrantzia galtzen hasi ziren, erlojuak, kanpandorreen jabetza ia partikular izatetik eraikin zibiletara ere pasa ziren eta, bestela ere, jendartea eta eliza kristauaren arteko distantzia zabalduz joan zen. Iurretan, jasota dugu XIX. mende bukaeratik XX. mende bukaerara arteko kanpai joleen historia.
Jasota dugun kanpai joleen historia urte batzuk beranduago hasiko da. 1897. urtean Aramaiotik etorritako Roman Amilburuk Iurretako parrokiako organista postua hartu zuen. Postu horrekin batera sakristau lanak ere bete zituen haren familia osoak. Kargua aitarena zen arren Katalin Uribelarrea emazteak, Juan eta Demetrio semeek eta Felixa alabak ere laguntzen zuten zeregin horietan.


Roman Amilburu hil ondoren Andres Gaztelurrutia parrokoak Anastasio Unzueta Berrio izendatu zuen sakristau. Iurretako ondorengo kanpai joleek haren dohainak azpimarratzen dituzte zeregin horretan.

1940ko hamarkadan Francisco Ortuzar parrokoak Felix Zugazartaza Txintxurreta izendatu zuen sakristau eta Agustina Sagarna emaztearekin eta bere seme-alabekin batera bete zituen zereginok. Ezekiel eta Pedro semeek 1970eko hamarkadara arte jarraituko zuten kanpaiak jotzen.
XX. mendearen bukaeran hiru kanpai-jole ziren herrian kanpaien dei ezberdinen jakintza hura mantentzen zutenak.

Emiliano Zuazo Etxaburu Iurretan jaio zen 1928ko uztailaren 20an eta umetatik hasi zen kanpaiak jotzen. Emiliano Zuazok irakatsita ikasi zituen kanpai dei ezberdinak eta hogei urte inguruan aritu zen behargintza hauetan.

Ezekiel Zugazartaza Sagarna 1929ko apirilaren 10ean jaio zen eta hamar urte zituenerako kanpaiak jotzen hasia zegoen. Hurrengo 30 urtean etengabe joko zituen kanpaiak. Gerora San Migel jaietan bakarrik beteko zuen funtzio hori.

Pedro Zugazartaza Sagarna 1936ko urriaren 19an jaio zen eta sei urte zituela ikasi zuen aitarengandik kanpaiak nola jo. 1970eko hamarkadan utzi zituen honek ere zeregin hauek.
1991ko abenduan, Iurretako Euskal Jaietan, Emiliano Zuazo, Ezekiel Zugazartaza eta Pedro Zugazartaza kanpai joleen parte hartzeaz ondorengo kanpai dei edo toke hauek grabatu zituen Jose Antonio Garmendiak:
Iurretako kanpandorrean ere lau kanpai aurkituko ditugu, baina hauetan zaharrena, historia lazgarrien lekuko zuzen ere izan zen.

Kanpandorrearen ekialdeko arkuan ezarrita dagoen kanpai nagusia 1742an sortu zen. Etxebazter eta Murua kanpaigile gasteiztarren ardura izan zen, garai hartan, inguruko kanpai gehienak urtzea, eta hau ere, gainerako kanpai artisauen gisara herriko plazan bertan eraikitako labean urtuta egin zen. Kanpai nagusi hau, beraz, 1782. urtean amaitutako kanpandorrea bera baino 40 urte zaharragoa da eta 1783an ezarri zuten gaur egun dagoen lekuan.
1937. urtean, baina, ederki sufritu zuen Iurretako kanpai honek. Apirilaren 28an, Francisco Franco generalaren aldeko Erreketeen batailoia Bereziganetik sartu zen Iurretara eta UGT-ko Fulgencio Mateos batailoiko milizianoek kanpandorretik egin zieten aurre. Harro Harder abiadore alemaniarrak tiroz hartu zuen kanpandorrea eta milizianoen tenientea bertan hil zen.

Eraso haren eraginez, kanpaiak, 120 bala inpaktu dauzka oraindik ere. Horietatik 70 inguruk kanpaia zeharkatu zuten. Hilabete gutxira, artean haurrak zirela, hasi ziren kanpaiak jotzen Pedro, Ezekiel eta Emiliano, Iurretako azken kanpai joleak.

Gaur egun, gure mugikorretan dugu erlojua gehientsuenok eta bertatik iristen zaizkigu, mezu bidez, heldu beharreko abisu guztiak. Ahaztuak ditugu ia, garai bateko doinu, melodia eta bizi erritmoak, baina kanpaiek hor jarraitzen dute gure iraganaren testigu gisa.
BIBLIOGRAFIA:
- J. A. Barrio Loza, M. Molinuevo Zaballa, M. Romano Vallejo, K. Ríos Álvaro, A. Astui Zarraga, J. Olaizola Elordi eta I. Quintana Fernández-Lomana. (2005). Brontzearen soinua Bizkaiko kanpaiak. Bizkaiko Foru Aldundia.
- Kanpaiak Iurreta. (2003). Iurretako Mikel Deuna Kultur Elkartea.
- Amurrioko Kanpaijole Topaketak. (2016).

