DENBORA

Denborari beti gustatu izan zaio libre jolastea. Izugarri gozatzen du pozik dagoenean, halakoetan maldan behera balazta gabe doan gurdi baten antzera mugitzen da ziztuan. Triste edo aspertuta dabilenean aldiz, patxadaz hartzen du kontua, pauso bat lehenengo, beste bat gero, atsedenalditxo bat hor, lo kuluxka bat han… eta ia zirkinik ere ez du egiten. Aldakorra da denbora.

Hain da aldakorra denbora, hain da librea, orain dela urte asko eta asko gizakiek preso hartu nahi izan baitzuten. Han batu zen gizon zuri talde bat eta denbora urtetan zatitu zuten, urtea hilabetetan, hileak astetan, asteak egun, egunak ordu eta orduak gero minututan, segundotan.

Kate bat sortu zuten, kate astun eta mardul bat, hautsi ezinenezko kate gogor bat, eta kate hartan segundo haietako bakoitza aurrekoaren atzean lotu zuten. Lerroan jarri zituzten denak, behera begira, erritmo berean aurrera eta aurrera, infinitura arte bueltaka. Orratzek agintzen zuten mundu hartan, haiek ematen zien paso segundoei, minutuei, orduei. Denbora erlojuaren menpe jarri zuten.

Denbora preso zegoen beraz. Erlojuak agintzen zuen noiz jaiki, noiz bazkaldu, noiz arte egin behar ziren eskolako lanak eta zer momentutan garbitu behar ziren hortzak. Denborak ez zuen nahi zuena egiterik eta gizakiek era guztietako gauzak agintzen zizkioten: Joan zaitez eskolara, joan lanera, kirola egin ezazu, hizkuntzak ikasi… egizu hau eta hura, ha eta hori… eta denbora nekatu egin zen.

Gizakiak erlojuko orratzei adi-adi zeudela, orduak, minutuak nola eta zerekin bete pentsatzen zeudela, segundoak urrenez urren lotzen zituen katearen begietatik, orratzen puntek esferaren ertzera uzten zuten zirrikitu hartatik, segundoa eta mendea gurutzatzen diren tokitik, ihes egin zuen denborak.

Bila hasi ziren orduan denak, nola ez! Harri azpietan bila, arraskan eta telebistaren atzean bila, oheko maindire artean, ordenagailuko karpeten artean bila, denak denboraren bila. Baina denbora ez zen inondik ageri. Eta denborarik ageri ez zenez, gizaki haiek, erlojuak bai baina ez zuten ezertarako denborarik.

Ordutik ihesi dabil denbora, ezkutuan baina adi eta ikusiz gero erlojua erantzi duzula, mugikorreko nahiz ordenagailuko erlojuetatik aldendu zarela, erreparatuz gero ez duzula preso hartu nahi, parez pare azaldu zaizu kasu egitera.