
Badakizue zer? Munduko tapiz magiko eta ederrenak ere hariz eginda daude. Koloretako hariez, hari luze eta motzez, hari lodi zein meharrez, hari latz edo leunez. Hariz eginda daude denak.
Behin, tapiz edo alfonbra magiko hauetako bat, laino artean hegan, sigi-sagaka zihoala, ekaitz beltz batetara sartu zen konturatu gabe. Gogor eutsi zien haizearen enbatei hari luze eta motzek, estu hari lodi eta meharrek, tinko eutsi zien hari latz eta leunek.
Baina tapizaren erdian, pixka bat aurrera eta hiru zentimetro ezkerretara, hari bat ahitu egin zen, nekatu, txiki sentitu zen eta otu zitzaion berak ez zuela hartarako balio. Triste eta guztiz etsita, haria askatu egin zen.
Gainerako hariak hain zeuden beren baitara bilduta, beren zereginetan zentratuta, ez baitziren ohartu beraien alboan zer ari zen gertatzen. Ez zioten ingurukoari jaramonik egiten eta aldiz garrasika eta biraoka zebiltzan, jenio bizian, tapiza erortzen ari zela eta errua norbaiti bota nahirik.
Lurra jo zuten orduan. Izugarria izan zen kolpea, handia mina eta ez sinistekoa han sortu zen iskanbila! Hari guztiak batera orroka eta aieneka, oinazea amorruaz nahasturik elkarri errietan.
Urak baretu ziren ordea. Inguru hartan pasioan zebilen jostun batek tapiza jaso eta bere tailerrera eraman zuen. Hain zen ederra tapiza! Garbitu eta lisatu egin zuen, astindu hautsak kentzeko eta hari guzti haiek artean zer gertatu ote zen igarri ezinik zeudela, askatua zen hari bat ekarri zuen bueltan jostunak orratz batean sarturik.
– Hobe duzue elkar zaintzea berriz hegan nahi baduzue! esanda bukatu zuen lana jostunak irribarre batez.