IRAULTZA GORRIA

Bazen behin zuri-beltzeko mundu bat, mundu zahar bat, nagusien mundu bat. Dena zen grisa han, etxebizitza altuak, auto azkarrak, gorbata marradunak, denak grisak. Grisak ziren kutxazain automatikoak, etxeetako gortinak edo eskoletako patioak ere, Dena zen grisa.

Efizientziak zuen garrantzia mundu hartan, gehiago, azkarrago eta merkeago. Gainerako guztia denbora galtze hutsa zen. Bide artezak nahiago errebueltak baino, zorrotza hobeto kamutsa baino, kontrola gurago askatasuna baino.

Zerua gris esnatu zen egun batean, inork nondik atera ziren ere jakin gabe, titiritero familia bat hirian sartu zen. 

Izugarrizko aztoramendua eragin zuten arrotz haiek. Arrotza zena ezezaguna zen, ezezaguna zena beldurgarri eta beldurgarria zena arriskutsu. Titiriteroak herrian sartu ala beraz alde egiten zuten guztiek eta etxeetan ezkutatu.

Titiriteroek aldiz, harrituta eta triste begiratzen zuten ingurura. Zergatik egiten zuten alde guztiek? Ez al zuen inork beren espektakulua ikusi behar? Gau osoa pasa zuten beren karabanan sartuta, zer egin zezaketen pentsatzen eta azkenean zentzuzkoena hiritik alde egitea zela ebatzi zuten. Hala ere alde egin aurretik objektu txiki bat utzi zuten han, plaza baten erdian.

Biharamunean hiritarrak etxeetatik atera eta plazara gerturatu ziren eta borobil bat osatu zen erdira begira. Inork inoiz ikusi gabeko zerbait zen hura. Inor ez zen ausartzen gerturatzen ere. Beren errealitatetik kanpo zegoen zerbait zen, beren arau eta legeetatik at.

Baina haur txiki bat, mundu hartako neurri eta balioetan hezi gabea zena oraindik, lau hankatan gerturatu zen borobilaren erdira eta gainerako guztiek izu-ikaraz begiratzen ziotela, objektua hartu ahora eraman, zapore eskasaz jateko ez zela hartu eta marra bat egin zuen lurrean.

Errealitate hura kristalezko ispilu ilun baten gisan apurtu zen mila zatitan, mundua hankaz gora irauli zen eta  berriz hasi zen den-dena haurrek errealitatea ulertzeko modu ederragoak zituztela ikusita.

Eta hau dena, guzti-guzti hau, Jarek margo harekin lurrean trazatutako lerro gorri hari esker.