ITZALAK LUZE DIRENEAN

Baziren egun batzuk zeruan eguzkiak gogor eta bizi egiten zuena diz-diz. Gorri-gorri eta indartsu ateratzen zen sortaldetik eta su bola laranja bat balitz bezala agurtu sartaldetik. Erraza zen halakoetan masailak gorri eta ezpainetan irribarrea mantentzea.

Alabaina, baziren motzak eta motelak ziren egun batzuk ere, gau luzeen aurretik zetozenak. Gau ilunak izaten ziren haiek, itzalak handitzen zituztenak, bihotzak erdiratu eta ahultzen zituztenak. Beldurrek, zalantzek eta ikarek harrapatzen zuten bat horrelakoetan, oinak katigatu, urdaila uzkurtu eta atzamarrak dardaraz sorgortu.

Aspaldi, ez zuten emozio haiei erantzuteko modurik aurkitzen eta haitzulo hezeetan, bakoitza bere txokora biltzen zen, negar, bakarrik egiteko.

Kezkatzekoa zen auzia oso. Tribuko aztiarengana jo zuten laguntza eske, sukarrak eta urdaileko minak sendatzeko gai bazen, oinaze hura ere sendatuko zuen ba akaso.

– Baga, biga, higa – hasi zen – laga, boga, sega – baina minak han jarraitzen zuen – zai, zoi, bele – baina buruek makur jarraitzen zuten, barrenek goibel eta itzalek luze.

Une hartan, konponbide hoberik ikusi ez eta han, eskuineko harkaitzean eserita zegoen hura, izenik ere oroitzen ez diogun ha, lagunarengana gerturatu zen astiro.

Masail bat ukitu zion hatz dardarti batez. Zer egiten ari zen ondo jakin gabe, atzamarrak belarriaren ertza jarraitu zuen goitik behera, ilearen ertzean kili-kili batzuk egin, lepoaren erdia hartu eta behera egin zuen astiro. Poliki-poliki zenbatu zituen hatz puntak lagunaren bizkarrezurreko konkortxoak, eta gelditu egin zen. Atzamar bakarrari beste lau batu zitzaizkion, eta eskua, esku bat bizkarrean, eta arnasestuz puztu eta hustu ari zen gorputza lasaitzen hasi zen. Lehen esku bat zenari bigarren bat batu zitzaion alboan, eta buru bat, buru bat sorbaldan, arnasa lasai bat, eta eskuekin batera besoak zetozen eta bular bat, bi bular, bata bestearen kontra.

Hala aurkitu zuen, lehen txiki eta uzkur zen bihotzak, berriz irri egiteko indarra eta horrelaxe gertatu zen historiako lehenengo besarkada.