
Guztiaren aurretik, den-dena ilun zegoenean, izarren argia ere urruna eta lausoa zenean, han, unibertsoko txoko txiki batean, ia inork erreparatzen ez ziola neskatila bat esnatzear zen.
Hara eta hona hegan biluzik zegoen ile adats gorri eta luze batean ia guztiz bildurik. Orduan, inork zergatik ez zekiela, zerbaitek esnatu zuen neskatila.
Hazkura sentitu zuen nonbait, eta besoa mugituz, eskua, hatzak, leku hartara hurbildu zituen. Pixka bat gertuago, are hurbilago eta ttak! Han azaldu zen lurra!
– Ai! kili-kiliki egiten didazu – esan lurrak irribarrez.
– Hara, barkatu, bat-batean sentitu zaitut eta… – Neskatoa harrituta zegoen zeharo sekula ez baitzuen inorekin hitzik egin, baina han bere begien aurrean lurra ikus zezakeen, senti zezakeen.
Neskatoa, oinak lurrean, esnatu berritan dantzan hasi zen momentua gozatu asmotan. Hasieran motel eta baldar, gero arin eta lirain eta gero ausart eta gogor. Hankak lurraren kontra kolpatzen hasi zen honekin batera dantzatuz. Hain gogor kolpatu zituen hankak lurraren kontra, hain azkar eta hain sarri, han, bat batean zast! Sua azaldu zen!
– Biba! Biba!- Esan zuten txinparta txikiek neskatoaren hankazpitik saltoka – Biba! Biba! Biba ta dantza!
Neskatila ilegorriak bizi-bizi jarraitu zuen dantzan bere lagun berrien animoek bultzatuta. Burua batera eta bestera, ile adatsa bere baitan baino sentitzen ez zuen melodia hark gidatuta mugitzen zuela, hain leun, hain arin, hain sotil mugitzen zuen, han, derrepente, ufa! Airea agertu zen!
– Uuuufa! Uuuuala! – Esan zuen aireak neskatilaren inguruan jirabiraka.
Gogo handiz jarraitu zuen orduan neskatoak dantzan, zituen azken indarrak ere ahitzeraino. Hain egin zuen dantza luzaro, hain gogoz eta hain suhar bere begien izkinatxotik ateratako zorion malkoak azaletik botatako izerdiaz batu eta han, ustekabean, glup! Ura azaldu zen!
– Hor noa! – Eman zuen abisu urak sudurrean behera txirrist egin eta lurrera erortzear zela.
Neskatila ahituta zegoen zeharo, leher eginda, nekatuta eta hala, inori ezer esan gabe bere lagun berriekin batera bolatxo bat eginda loak hartu zuen berriz.
Horrela sortu zuen Lurra Ama-lurrak.