MANU PIRATA

Orain dela urte asko eta asko Euskal Herriko herri guztiak pirataz josita zeuden. Pirata herriak ziren. Baina ez ziren piratak lapurretan eta borrokan aritzen zirelako, piratak ziren haietako bakoitzak beste ezeren gainetik mate zuen altxor bat babesten zuelako.

Kostaldeko herri txiki hartan adibidez, Alaitasuna zen okinaren altxorra, Zintzotasuna ostatuko nagusi Engraxiren alaba Junerena eta Itxaropena aldiz talaiariarena. 

Izarrik gabeko gau ilun batean oineztuek argitzen zituzten baga handien artean txalupa bat begiztatu zuen Joxean talaiariak kaiaren erdian. Han joan ziren erreskatean eta txalupa hartan aurkitu zuten Manuela haurtxoa.

Horrela heldu zen Manu herrira eta saregileen artean hezi zutenez Elkarlana bihurtu zen Manuk gehien maite zuen altxorra.

Bakean pasa ziren urte batzuk baina apurka-apurka zurrumurruak iristen hasi ziren. Okerreko izeneko kortsario maltzur bat inguruko herri guztiak erasotu eta harpilatzen ari zen eta laster helduko zen beraien herrira ere.

Herritarrak gauzak batu eta alde egiten hasi ziren baina ez Manu! Berea zena defendatu nahi zuen Manuk! Inor ohartu gabe Kaxkagorri kapitainaren untzian sartu zen polizoi eta han itsasoratu zen Okerrekori aurre egitera ausartu ziren pirata bakarrekin.

Bitxia zen herritarrek nola miresten zuten Kaxkagorri. Ez zekien inork noiz eta nola agertu zen herrian baina ez zen bera baino emakume ausartagorik eta itsasoko haize eta korronteak hobeto ezagutzen zituenik. Gainera gainontzeko herritarrek altxor bakar baten idunekoa zuten lepotik zintzilik. Altxor bat eta bakarra zuen bakoitzak. Kaxkagorrik bi zituen ordea.

Ontziko bodegan Manu polizoia ikusi zutenean kapitainaren errieta jasotzeko prestatu zen eta hala, Kaxkagorrik ezer esan baino lehen, hitz egiteko ere gai ez zela, zerbait izkiriatu zuen paper mutur batean. Hura irakurri, eta irribarre batez gorde zuen kapitainak oharra mahaiko kaxoi batean.

Manuela tripulazioko kide bihurtu zen beraz eta kapitainaren lagun handienetako bat. Baina tamalez ez zuen bidaia hark luze iraun.

Latza izan zen Okerrekoren aurkako borroka, luzea eta gogorra. Bi ontziak hautsita gelditu ziren zeharo, eta azken arnasa ematearekin bat, bi lepoko eman zizkion Kaxkagorrik Manuri Natura eta Euskara ere defendatzeko eskatuz.

Eta gaua heldu zen. Izar bat piztu zen zeruan, gero beste bat eta beste bat. Okerrekoren erasorik ez zela ikusita herrira itzuli zen jendea eta Kaxkagorriren ontziaren hondarrak portuko olatu artean topatuta negar egin zuten guztiek ordurako ohartuak baitziren Manu ere haiekin itsasoratu zela.

Baina hondartzan pasioan zebilela, kristalezko botila bat topatu zuen Manuelaren lagun mina zen Junek. Ohar bat zuen barruan Manuk Kaxkagorriri idatzia:

Zain ditzagun gure lagunak,
defenda ditzagun gure altxorrak,
jarrai ditzagun gure ametsak!

Eta letra argi eta berriagoz azpian gehituta:

Laster elkartuko gara abentura berrietan!