
– Ximun kontrolera deika! Helburura iristen ari naiz.
Unibertsoaren izkina urrun-urrun hartan, ahaztutako galaxia batean, zulo-beltz ilun haren erdian Han omen zegoen gordeta azken aldian hedatzen joan zen gaitz lazgarri haren konponbidea.
Kontua da, unibertsoko planeta sistema guzti haietan, hainbeste telebista, bideo-joko, aplikazio eta abarrekin, izaki guztien sormen gaitasuna murriztua zegoela erabat, desagertua guztiz. Presek, gehiegizko lan kargek eta haserreek ez zuten gaitza hedatzen lagundu besterik egin. Ez zen inon posible ipuin berririk sortzerik.
Eta han zen Ximun, unibertsoko aditu handienek hautatuta, zulo-beltz haren ertzean, erdira, ilunera, begira.
– Kontrola Ximuni deika! Zorte on eta zaindu zaitez!
Ximunek komunikagailua itzali zuen, mundu guztiak baitaki zulo-beltzen erdian ez dagoela estaldurarik. Jantzi espazialak jantzi, bere plater hegalaritik atera eta iluntasunera aldendu zen ausart.
Zulo-beltzak izugarrizko grabitate indarrez erakarri zuen Ximun. Espageti baten antzera luzatu zuen hasieran eta argia baino azkarrago amildu gero eta konturatu orduko erabateko iluntasun eta isiltasunean galdu zen Ximun.
Dena zen beltza eta iluna eta beldurtu egin zen gure laguna. Garrasi egin zuen hasieran, negar ere egin zuen ikararen ikaraz, ez zekien bila zebilen hura nola aurkituko zuen
Oihu eta negar egin zuen beraz, fuerte, gogor, indarrak eta malkoak agortu arte eta hala, derrepente, beste ezertarako energiarik gabe, Ximunen bihotz taupadak mantsotu egin ziren. Arnasa lasaitu egin zitzaion gure lagunari, gorputza erlaxatu, eta ideiak, ideiak argitzen hasi zitzaizkion!
Ideiak argitzen eta berriak hasi zitzaizkion sortzen. Ilunean argia hasi zen ikusten eta horrela, ezerezean galdutako unibertsoko zoko ahaztu hartan, Ximun bere emozioen mugara heldu eta hauen jabe egitean, inoiz ikusi gabeko sormen eztanda bat gertatu zen.
Leherketa hark unibertso osoa zipriztindu zuen atoan eta Ximun ere atera zuen zulo-beltzetik.
Ordutik, ez da sormenik ezta ipuinik falta unibertsoko txoko txikienean ere, nahiz eta batzuetan, sortu ahal izateko, presak lasaitu eta gure emozioen jabe egiteko tarte bat hartu behar izan.