
Mundu guztia jakitun zen oihan hartan marrekin jaiotzen zirela tigreak. Biziak zein baldarrak batzuk, txikiak eta ausartak besteak denetik zen tigreen artean. Baina ororen gainetik egia bat: tigreek marrak zituzten!
Egun batean baina, han, oihanaren erdian, mundu guztiaren harridurarako, marrarik gabeko tigre bat jaio zen. Tigre hark bazuen lagun bat bekokian hiru marra zituena besteak baino hiru aldiz azkarragoa zena lasterka. Beste lagun batek bizkarrean zituen marretako bat etenda zuen, behin txiribuelta bat ematen saiatu eta bizkarrez erori zelako lurrera. Baina gure tigreak ez zuen marrarik batere.
Inork igo gabeko zuhaitz garai-garai batera igotzen saiatu zen, lorpen hura gauzatuz gero bere azalean marrak azalduko zitzaizkiola pentsatuz. Izan ere, ibai hura igerian zeharkatzea lortu zuen lagun hark marra sigi-sagatsu bat zuen buztanean ibaia bera bailitzan. Baina ezta hurrik eman ere.
Inor sartu gabeko haitzulo ilun batera sartu zen, baina ezer ez. Arroila handi bat jauzi bakarrean zeharkatzen ahalegindu zen, baina ezta ile arrexeago bat ere.
Atsekabetuta itzuli zen bere lagunengana tigrea.
– Gure marrek ez dute gure lorpenekin zer ikusirik esan zioten marrak gure ingurukoek gugan uzten dituzten arrastoak dira.
Orduan tigre bakoitzak, margo bat hartu eta beren lagunak haiengan utzitako arrasto haren marra margotu zion azalean.
Marra gorri bat inork baino lasterrago korrika egin zezan laguntzen aritzeagatik.
Marra berde bat txiribueltak ematen ikasten zuen artean hainbesteko pazientzia mantentzearren.
Marra more bat igeri ikasten zebilela animoak ematearren.
– Gure marrak zureak dira.